person-photo

Birgit Kolar

1970ean Waidhofen/Ybbs-en (Austria) jaio zen, eta bertan hasi zen biolina ikasten sei urterekin, herriko musika eskolan.

1982an Vienako Musika Unibertsitatean ikasteari ekin zion, Rainer Küchl Vienako Orkestra Filarmonikoko kontzertinoarekin eta Jena Spitkova laguntzailearekin. Bere ikasketak Luzernan jarraitu zituen Wolfgang Schneiderhan-ekin, Londresen Robert Masters-ekin eta Vienan Josef Luitz-ekin.

1992an, Nazioarteko Yehudi Menuhin Lehiaketan finalista eta saritua izan zen eta bakarlari bezala kontzertu bat eman zuen Lord Menuhin zuzendariaren batutapean.

Europa, Japonia eta Hego Amerikako areto eta jaialdi garrantzitsuenetan kontzertuak eman ditu bakarlari bezala.

1999 eta 2008 artean, Birgit Kolarrek hainbat taldetan parte hartu zuen, “Symphonieorchester des Bayerischen Rundfunks” eta “Münchner Streichquartett” taldeetako kideekin batera.

2009an, Vienako Orkestra Sinfoniko eta Filarmonikoetako hainbat kiderekin batera, “Seraphin Quartett Wien” sortu zuen, eta mundu osoko areto entzutetsuenetan jo du laukoteak.

Aldi berean, Birgit Kolar Bruckner de Linz-eko Orkestrako kontzertino izan da hainbat denboralditan, baita Vienako Orkestra Sinfonikokoa eta, 2005era arte, Municheko Irrati Orkestrakoa ere.

Kontzertino bezala, maiz gonbidatzen du Vienako Orkestra Filarmonikoak, baita lehen mailako nazioarteko orkestrek ere. Besteak beste, honakoek gonbidatu ohi dute: Bavariako Estatu Orkestrak (Münchner Staatsoper), Gran Teatre del Liceu-ko Orkestra Sinfonikoak, BBC Orkestra Filarmonikoak, Bergen-eko Orkestra Filarmonikoak, Kopenhageko Orkestra Filarmonikoak, eta abar.

Sarritan laguntzen du, era berean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, kontzertino gonbidatu bezala.

2003 eta 2009 artean, Vienako Musika Unibertsitatean irakasle izan da, eta 2011n Graz-eko Arte Unibertsitatean.

Birgit Kolarrek Carlo Bergonzi (Cremona 1723) biolin bat jotzen du, Austriako Banku Nazionalaren instrumentu bildumakoa.